Nahi barik (maitale izatearen inguruko zenbait gogoeta).

Nahi barik, nire hatzamarrek maitearen hatzamarrekin egiten dute topo. Subkontzientziak agintzen dit absatraitu behar naizela kasualitate bat dela pentsatzetik. Orduan, elkar ukitze eremu korporal urri horiekin hobeto konzentratuko naiz eta hobeto gozatuko dut hatzamar edo oin atal horretaz, era fetitxista batean, kezkatu gabe erantzun bat egongo den ala ez. Baina, maitale zaren einean, beti pausatzen da erantzunaren galdera: beti eskatzen zaio ikututako gorputz atalari nolabait erantzutea.

Maitalea, zentzumenen su-ontzian dago. Zentzumenak dardarazten du maitalea. Esku-ahurra, baztertzen ez den belauna, ezer gertatuko ez balitz bezala kanapearen gainean luzaturiko besoa, non, poliki-poliki bestearen burua pausatzen den, keinu zoli eta klandestinoen paradisuzko lurraldea da: zentzumenaren festa.

Advertisements

Ulertu nahia (maitale izatearen inguruko zenbait gogoeta).

Bapatean, maitasunaren pasartea, arrazoi korapilo esplikaezin bat bezala hautemanez, maitaleak oihu egiten du: “ulertu nahi dut (zer gertatzen zaidan)!”

Norbere kontrako errepresioa. Aztertu, jakin eta, nire ez den beste lengoaia batean, enuntziatu nahi dut. Nire buruari irudikatu behar diot nire eldarnioa. Aurrez aurre begiratu nahi diot banatzen nauen horri, mozten nauen horri. Apolok, Zeusen agindua betez, androginoak elkarri begira jarri zituenean bezala zatitu ondoren, hain ausartak ez izateko.

Ulertzea ez al da irudia zatitzea, bereiztea, ezezagutzaren aparteko organoa den “nia” desegitea?

Zer egin (maitale izatearen inguruko zenbait gogoeta)?

Maitaleak, maiz eta itolarrian, askotan huskeriak diren jokabide arazoak pausatzen dizkio bere buruari: halako edo bestelako egoeraren aurrean, zer egin? Nola jokatu?

Ordea, nire jokabidearekin loturik dauden estualdiak hutsalak dira, infintoraino.

Itxaronaldia (maitale izatearen inguruko zenbait gogoeta)

Etorrera bat itxaroten ari naiz. Itzulera bat, hitzemandako keinu bat. Deuskeri bat izan daiteke edo era bat patetikoa baina oso seriosa, nahiz eta telefono dei soil bat izan. Itxaronaldiak bere eszenifikazioa dauka: antolatu, maneiatu egiten dut; denbora tarte batean objetua galdu izanaren antzezpena egiten dut eta dolu txiki batek sortzen dituen efektu guztiak irudikatzen ditut. Beraz, antzezlan batean bezala jokatzen dut. Esan bezala, itxaroten ari naiz eta bestea berant datorrela egiaztatzen dut. Hainbat alditan begiratzen dut erlojua eta, pixkanaka-pixkanaka, itxaronaldiaren estutasuna jartzen dut martxan eta estutasun horrekin, antzezpenbat.

Antzezpenaren lehen zatia hasten da, zalantzen txanda da: “Eta gaizkiulertu bat gertatu baldin bada hitzorduarekin edo adosturiko lekuarekin?” Hitzordua adostutako momentuarekin gogoratzen saiatzen naiz eta emandako zehaztasun guztiekin. “Zer egin? Lekuz apur bat aldatu?,  kanpoan itxaron?, telefonoz deitu…?” “Baina bestea ausentzia txiki horien bitartean etortzen bada, ez banau ikusten, agian alde egiten du…”

Bigarren partera pasatzen gara; haserrearena: bestearen kontra hasten naiz gaitzezpenak eta errietak egiten nire buruan: ”Jo, gutxienez abisatu izan balu…” “Berant bada ere, etorri izan balitz berari adierazteko zein gaizki pasatu dudan…”

Hirugarren partean itolarri hutsera iristen naiz: abandonoarena.

Edozein kasuan, itxaronaldiak ez du zertan bortitza izan behar. Une hori antzezten den bitartean, inguruan gertatzen den guztia ikus dezaket: taberna batean gertatzen bada adibidez, prentsa irakurtzen ari den jendea, sartzen dena, berriketan ari dena: eurek ez dute itxaroten.

Itxaroten dugun pertsona ez da erreala une horretan. Itxaronaldia eldarnio bat da. Tabernan, sartzen den pertsona orok itxaroten dugunaren antza izpi bat dauka beti. Eta, zer esanik ez, hitzordua pasatu ondoren, kalera irten eta gurutzatzen ditugun pertsonak guztiek maitearen antza daukate. Gauza bera zelularrak jotzen duen bakoitzean: hasiera batean, maite dugun ahotsa entzuten dugula iruditzen zaigu. Galdu duen hankagatik mina sentitzen duen elbarria gara.

“Maiteminduta nagoen ala ez? Noski baietz, itxaroten ari dena ni naiz eta!” Besteak ez du sekula itxaroten. Batzuetan, nik ere itxaronaldian ez dagoenaren rola antzeztu nahi dut: beste zeregin batzuekin okupatzen dut denbora edo ni ere, nahita berandu heltzen saiatzen naiz hitzordura, baina joko horretan beti galtzen dut. Maiteminduaren zorigaiztoko nortasuna, horixe da: ni naiz itxaroten duena.

Ez egotea- Ausentzia (maitale izatearen inguruko zenbait gogoeta)

Ez dagoena. Une batez, irudi daiteke maitalea bera dela urruntzen dena baina, benetan , maitea da ez dagoena (urruntzen dena) eta maitalea geldi dagoena, urruntzen ez dena. Maitalea geldirik dago. Maitalea, benetan, sedentarioa da, eta maitatua iheskorra, migratzailea. Maitalea, tren geltoki bateko zokondo galdu batean utzitako pakete bat bezalakoa da. Maitemintzean agertzen den ausentzia, norabide bakarrean gertazten da: geldirik geratzen denaren ikuspegitik. Sekula ez urruntzen denarenetik. Batzuetan, lortu daiteke ausentzia hori jasatea, gainditzea. Baina jasangarria bilakatzen da, azken finean ahazturaren mozorroarekin izkutatzen dugulako. Horregatik, batzuetan, desleialak izaten gara tarteka. Biziraupenerako ezinbesteko baldintza bat delako. Ahaztu ezean, hil egingo ginelako. Noizen behin, ahazten ez duen maitaleren bat hil egiten da memoria sobera erabiltzeak sortzen duen neke eta tentsioarengatik.

Poesia, ia leku guztietan dago. Are gehiago; esango nuke ageriko leku gehienetan dagoela eta hain agerikoak ez diren bazter guztietan (arrazoi horregatik, hain zuzen: ez direlako begibistakoak). Ta, hautematzeko, ez da beharrezkoa superahalmen genetiko marveliano bat herdedatu izana. Nahikoa da burua ondo kokatzea eta zentzumenak ahal bezain ongi kalibratzea.